X

(TDR SORTU) Xabi Larralde Sortuko kidea asteburu honetan Cortin ospaturiko Ghjurnate Internaziunaletan izan da, aurtengo Ghjurnateak oso giro esanguratsuan ospatu dira, Korsikan ematen ari diren aurrerapauso eta egoera politiko berrian murgildurik.

Larunbatean, Korsikar Biltzarraren Lehendakariak, J. G. Talamonik, harrera ofiziala egin zien nazioarteko ordezkaritzei Parlamentuan eta igandean Korsikako ber-egituratze instituzionalaren berri izateko para izan zuen Sortuko ordezkariak.

GHJURNATE INTERNAZIUNALE DI CORTI

Azpian doa Xabi Larraldek Cortitik bidalitako kronika:

Testuingurua:

2014ean FLNC-k (Kortsiko talde armatuak), alde-bakarreko behin-betiko suetena iragarri zuen. Iragarpen honek burujabetzaren aldeko prozesu politikoari bide emateko helburua zuen ; aitzineko urteetan, Korsikako Biltzarrak (Lurralde Kolektibitatearen parlamentua) eraikitako hiru akordioek prozesu politikoaren oinarriak finkatu zituztelarik. Izan ere, FLNC-ren borroka armatuaren amaieraren iragarpenaren aitzinetik, gehiengo oso zabal batez hiru ebazten bozkatu zituen Biltzarrak:

  1. Lehena, Korsikaren estatus aldaketaren aldekoa, gaurko Lurralde Kolektibitatearen estatusa gaindituz, Korsikaren nazio-identitatea aintzat hartuko duen Autonomia estatus baten aldeko ebazpena.
  2. Bigarrena, lurra-etxebizitzaren eremua egoiliarren estatus baten arabera arautzearen aldeko ebazpena, espekulazio bortitzari aurre egiteko helburuz, merkatuaren « lege » bortitzaren eremutik atera eta, lurra-etxebizitza Korsikan bizitzeko proiektua dutenentzako eskubide gisa kokatuz.
  3. Hirugarrena, preso politikoen amnistia eta askatze osoaren aldeko ebazpena.

Gaurko frantses legalitatearen (konstituzioaren) eremua gainditzen dituztela jakinda ere, hiru ebazpen horiek gehiengo zabalez onartu zirela nabarmendu behar da.

Prozesu politikoaren garapenaren haritik, joan den abenduan eman diren Lurralde Kolektibitatearen hauteskundeetan abertzaleak nagusitu dira. PNC eta Kortsica Libera mugimenduek lorturiko akordioaren bitartez boterea irabazi dute, G. Simoeni Korsikar gobernuaren Lehendakaria bilakatuz, eta J. G. Talamonik Biltzarraren Lehendakari kargua hartuz.

Emaitza hori lorpen historikoa da Korsikar mugimendu abertzalearentzat, bere historioan boterera ez baitzen sekulan iritsi. Frantses gobernua Korsikan azken urte hauetan eman diren aldaketa sakon horien eraginez, bere jarrera moldatzera behartua izan da. Uztailaren 4ean, E. Valls frantses lehen ministroak gobernuko hainbat kideekin batera Korsikan egin duen bisita ofizialaren bitartez, hainbat iragarpen egin ditu :

  • Arlo instituzionalean : Estatus politikoaren aldaketarik ez, baizik eta barne moldaketa bat, indarrean dauden bi departamenduen ezabaketarekin.
  • Hizkuntza arloan : Korsikar hizkuntzarentzat ofizaltasunik, baizik eta eredu elebidunaren garapen bat erakaskuntza arloan.
  • Lurra-etxebizitzaren eremuan : Egoiliar estatusari ez, baizik baizik eta ondare transmisioari begirako fiskalitatean salbuespenezko normatiba baten onarpena.
  • Presoen gaian : Amnistiarik ez, baizik eta gaurko legalitatearen aplikapen zorrotza.

Agerian gelditzen denez, frantses gobernuak ezezkoez jositako erantzuna eman du Korsikan ideki den egoera aurrean. Testuinguru honetan iragan dira aurtengo Cortiko egunak.

Larunbata

Larunbatean, Korsikar Biltzarraren Lehendakariak, J. G. Talamonik, nazioarteko ordezkaritzak Parlamentuan ofizialki hartu ditu, gobernuak eta parlamentuak daraman jarduera azalduz.

Arratsaldean, nazioarteko ordezkaritza bakoitzak bere Herriaren eta nazio askapen prozesuaren egoeraren aurkezpena egin du. Ondotik egoera errepresibo ezberdinen panorama osatu da, arlo sindikalean Frantziako CGT sindikatuak STC (Syndicat des Travailleurs Corses) eta LAB-en kontra martxan jarri duen eraso judizialak nabarmenduz. Izan ere, abenduan iragaitekoak diren enpresa ttikietako hauteskundeen bezperetan, CGT-k bi prozedura judizial bana ideki ditu gure sindikatuen partehartzea eragozteko. Jakina denez, auzitegi administratiboek lehen instantzian bi salaketak onartu dituzte. LABeri elkartasun osoa adierazi ostean, Korsikaren kasuan, STC uhartearen lehen sindikatua denez, eragile guziek (tartean, LDH – Ligue des Droits de l’Homme) CGTren jarrera eta bere ekimen judizialak eskubide sindikalen urraketa onartezina suposatzen duela salatu dute.

Errepresioaren atalean, preso politikoen egoera asko azpimarratu da ere. Euskal preso politikoen kasuan bezala, Parisek ez du nihundiko aldekaratik eman Korsikar presoen kartzela politikan: hurbilketarik ez, baldintzapeko askatasun galderei ezezko sistematikoak etab. Honen aurrean, Amnistiaren aldeko Korsikar mugimenduak hainbat mobilizazio iragarri ditu datozen hilabeteei begira.

Igandea

« Nola aurrera eraman burujabetza prozesua ? » Galdera hau izan da igandeko egunaren ardatz nagusia. Arratsalde hasieran, Ferran Civit i Marti, Junts Pel Si-ko diputatua (ANC-ren idazkaritza nazionaleko kide ohia) Kataluniaren deskonexiorako bide-orriaren garapena aurkeztu du. Cortiko egunetan parte hartu duten ordezkari guziek Kataluniako prozesuak daukan garrantzia eta Europan osoan, baina baita ere orohar, Munduan zehar (adibidez Kurdistanen) sortzen duen esperantza azpimarratu dute. Ferran Civit-ek egin duen aurkezpenean hiru elementu nabarmendu daitezke.

  1. Lehena: independentziarako prozesuak atzera-bueltarik ez dauka Katalunian.
  2. Bigarrena: deskonexiorako etxeko-lanak oso aurreratuak dauzkate.
  3. Hirugarrena: Madriletik etorri daitezken erasoei eusteko determinazio osoa daukate, mota guzietako ondorioak asumituta dauzkatelarik (tartean, atxiloketa/presondegiratzen aukerak).

Ondotik, Korsikako prozesuaren egoera aurkeztu dute Corsica Libera-ko arduradunek. Aipatu bezala, abertzaleek Korsikan boterea hartzea aurrekari historiko garrantzitsua da. Ondoko hilabeteen egutegia oso trinkoa izanen dela azpimarratu dute Corsica Liberako arduradunek. Izan ere, M. Valls-en etorreraren ondotik, uhartearen barne antolaketa administratiboak moldaketa nabarmena ezagutuko du Departamenduen desagertzearekin.

Izan ere, gaurko egunean, Lurralde Kolektibitateaz gain, bi Departamendu aurkitzen dira, uhartea bitan banatzen dutenak. Barne-mailako birmoldaketa honek Korsikako Biltzarrak ebatzia duen estatus aldaketa asetzen ez badu ere, bada maila batean pausu kualitatiboa. Izan ere, bi Departamenduen ibilmoldearen haritik klientelismo praktikak trinkotzen direla salatu izan du mugimendu abertzaleak aspaldidanik. Bi departamenduen desagerketarekin klientelismoaren eta klanismoaren (hau da, famili eta jauntto nagusi batzuen sareak) hariak hausteko baldintzak sortzen dira, oinarrian Korsikako agertoki politikoaren eraldaketari bidea emanez.

Neurri hori 2018 urtarrilean indarrean jarriko da, Lurralde Kolektibitatea bere jarduera publikoaren koherentzian eta protagonismoan indarturik aterako delarik. Hilabete bat lehenago, 2017ko abenduan, Lurralde Kolektibitate bir-molduaren hauteskunde orokorrak iraganen dira.

Hauei begira mugimendu abertzaleak erronka argia du : Korsikako gobernuari eustea, iragan abenduan lorturiko emaitza elektoralak berrestea eta ahal dela, haien posizioa ere hobetzea. 2018ko urtarriletik landa, 6 urteetako legealdia idekiko da. Epealdi honetan, mugimendu abertzalearen erronka borroka armatuaren amaierak ideki duen fase politiko berriaren abiapunduan zegoen Estatus politikoaren aldeko bide-orriari bide ematea izanen delarik.

2016ko Cortiko egunak konstatazio argi baten inguruan bukatu dira. Izan ere, Korsikan, Katalunian, Kurdistanen edo Euskal Herrian, datorren kurtso politikoa oso oso garrantzitsua izanen da gure nazio-askapen prozesuentzat. Hortaz, dudarik gabe, 2017-ko Cortiko egunek gure Nazioen burujabetzari begirako testuinguru historikoa ordurako dekantatuak izanen diren aldagaien arabera aztertzeko parada paregabea eskainiko digute!

Corti, 2016ko abuztuaren 7a

à suivre sur  l'application android Unità Naziunale ou bien sur ce lien mobile (Apple, tablettes...)